XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Sarrera

Alfabetatze-era bakoitza kultur prozesu barruan eta kultur prozesu hau berriz epe sozio-historiko batzuetan epe hauek markatzen dituzten joeren baldintzapean eraikitzen dela kontutan hartuz, saiatu gara 1970-1990 epealdiko euskararen erabileraren azterketaren bitartez euskal alfabetatzearen eredua marrazten laguntzen.

Haur zein helduen eskolaratze-fenomenoak euskal alfabetatzearentzat momentu honetan hartzen duen garrantzia azpimarratzekoa bada ere, derrigorrezko ikusten dugu euskarak izaniko gizarte-erabilerari so egitea, esparru zabal honetan garatuko baita delako alfabetatze-prozesua.

70.eko hamarkada, euskararen erabilerari dagokionez, publikotasun-mailan euskararen erabilera ezarri eta garatzeko asmotan burutuko diren ekintza eta proposamenen arloan etapa interesgarrienetariko bat dugu.

Ezin ahantz garai honetan bizi den testuinguru politiko eta soziala Euskal Herriko kultur eta hizkuntz aldarrikapenetarako ongarri egokia dela.

Francoren aurkako borrokak elementu hauek kuestionagaitzak egingo ditu aldaketa politikoa planteatzeko garaian.

Zentzu honetan kultur proposamen eta herri-erreibindikazio bizi eta anitzen epea da.

Aipatu behar da, halaber, fenomeno honek euskararen erabilpen pribatu eta publikoaren arteko bereizketa suposatzen duela.

Azken esparru honetan izan ere galduko du garrantzia hizkuntzarekiko errepresioak, gizarte-presio eta herri-aldarrikapenak direla medio.

Zentzu honetan isiltasuneko kultura batetik euskal identitatearen ezaugarrien erreibindikazio publikora igaroko litzateke.

Epealdiaren bukaeraldean delako erreibindikazio horiek beren ekintzak erregulatzen saiatuko diren erakunde sortu berrietan hezurmamituz joango direla ikusi ahal izango dugu.

Izan ere 80.eko hamarkadaren aurreko hamarkadan zehar luzaturiko euskararen aldeko adierazpen sozial horien bideratze, arautze, antolatze eta erakundetzearen garaia dugu.

Euskararen ezagutza eta erabileraren gizarteratze berria arautu eta bideratu beharra, hain zuzen, bi joera edo ikusmolde bereizi bezain garrantzitsutan ikusten dugu: batetik, euskarak bizi duen ordezkapen-prozesua gainditu eta euskararen erabileraren berreskurapen pertsonala, soziala, kulturala eta lurraldetasunezkoa bidera dezakeen normalkuntzaren ardatzaren inguruan ekingo duten herri-erakundeetan eta, bestetik, testuinguru politiko berriak sorturiko banaketa geografikoan eta elebitasun sozialaren ereduan oinarrituz, euskararen ezagutza eta erabilera arautzen saiatuko diren erakunde politiko-administratiboetan.

Euskara, diglosia zokoratzailearen egoeran egonik, suspertze-prozesua hasten ari den gertakari sozial, oraindik orain, zatikatu eta desegituratu honetan, (..).